San Isidrorekin hasten dira Nabarnizko herri ospakizunak eta San Miguelekin bukatu.
San Isidro, San Juan, San Kristobal eta San Miguel egunekoak ospakizun xumeak izaten dira, herrikoiak.
• San Isidro
Maiatzaren 15ean
12etan meza egoten da Gorostizako Andra Mari eleizan, eta meza ostean txantxiku txapelketa (rana) eta hamaiketakoa Elexaldeko plazan.
• San Juanak
Ekainaren 23an
Andra Mari Eleizaren ostean pizten dira suak, eta ondoren sardinada egiten da.
• San Kristobal
Uztailaren 10ean
Ikazurietako San Kristobal baselizan
Uztailaren 10a domekaz ez datorrenean, egunean bertan meza emoten da iluntzeko 8etan. Meza ostean, okela errea bertaratutakoentzat.
Hurrengo domekan ere meza ospatzen da 12etan. Urtekeran, Nabarniz eta Ereñoko gazteek osatutako Kabelinatxe Dantza Taldeak dantza saioa egiten du. Jarraian trikitilariak edo dultzaineroak izaten dira, goiza alaitzeko.
• Santiago eguna
Uztailaren 25ean
Lekerika auzoko Santiago baselizan
Egun osoko festa da, guztiz polita.
Meza hartuz hasten da, nola ez, eguerdiko 12etan. Ondoren datoz Kabelinatxe Taldearen dantza saioa eta paella lehiaketa. Bazkal osteko atsedenaldia gaindituta, berriz, umeentzako jolasak edo antzerkia, urtetik urtera entzute handiagoa duen “poste-igote” jokoa eta erromeria. Egun osoan zehar, gainera, umeentzako parkea ere egoten da.
• Andra Mari Jaiak
Herriko jai nagusiak
Elexalde auzoan
Irailaren 7, 8 eta 9a dira egun nagusiak, nahiz eta luzatu ere egiten diren.
Urtetik urtera berritzen diren arren, badira huts egiterik ez duten osagaiak: Zaldi-mando proba famatuak, makillau jana Elexaldeko hiru tabernetan, mus eta briska txapelketa, herri afaria, umeentzako parkea, dantza saioa, triki-poteoa eta morokil jana.
Nabarnizko jaietan ohiturazkoa dugu morokil jana. Esnetan arto-irin zatiak nahastuz lortzen den “papilla” antzekoa da morokila, eta orain dela hamarkada gutxirarte ia egunero jaten zen, batez ere gosaltzeko. Gaur egun sukalde gutxitan ikusiko dugu, baina ez dugu ahaztu behar, gure eskualdean Nabarniztarrek “morokil” ezizena hartzen zutela.
• San Miguel
Irailaren 29an
Uribarri auzoko Mikel Deunaren baselizan
San Kristobal egunean bezalaxe, meza ospatzen da iluntzeko 8etan, eta okela errea banatu bertaratutakoen artean.